martes, 1 de junio de 2010

PLASTIKA IKASGAIAREN BALORAZIO OROKORRA

Konturatzerako iritsi da kurtso amaiera! Blogari azken ukituak emateko, ikasgaiaren inguruko azken hausnarketa idaztea pentsatu dugu, denboran atzera egin eta nondik abiatu ginen gogoratuz.

Aurkezpen egunean, apur bat nahastuta (egia esan erabat iparra galduta) ibili ginen. Ez genuen inondik inora espero ikasgaiaren edukiak honelakoak izango zirenik eta harritu egin ginen. Guk gehienbat eskulanak egingo genituela uste genuen, orain arte plastikan bizi izan duguna. Hala ere, plastikaren arloa asko zere zabalagoa dela konturatu gara.

Edukinetan apur bat sartzeko bi bideo ikusi genituen sormenaren inguruan. Behin bideo horiek oinarri hartuta lanean hasi ginen. Ez genekien oso ondo nondik jo, galduta genbiltzan. Baina lanean hasi ginen eta pixkanaka aurrera pausoak eman ditugu.
Gure lanak argitaratu eta klasean egindakoa kontatzeko blog hau sortu genuen. Guretzako eguneroko moduko bat izan da, eta ematen genuen aurrerapauso bakoitza hemen idazten saiatu gara, aurrekoarekin erlazionatuz.

Askotan pentsatu izan dugu plastika arloan dena praktikoa dela, baina ez da horrela. Oinarri teorikoa ere garrantzitsua da, zentzua ematen dio ikasgaiari.

Behin oinarri hau izanik, gure teknografiarekin hasteko gure bizitzan plastikarekin izan dugun kontaktua islatu genuen idatzizko autobiografia batean.

Teknografiarekin hasi ginenean gehienak ordenagailu inguruan aritzen ginen, genituen ideiak bideo batean bihurtu nahian. Ez zen lan erraza izan, baina azkenean bere fruitua eman du. Arlo hau ez da soilik ikasgela barrura mugatu, kanpora ere irten gara. Lehenik Koldo Mitxelenara joan ginen. Bertan artelan batzuk ikusi eta artelanen barruan murgiltzeko aukera izan genuen. Artelekun ere izan ginen eta oso interesgarria izan zen irtenaldia.

Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin elkarrizketa bat izateko aukera ere izan dugu. Bertan identitatearen inguruko hausnarketa egin ahal izan genuen; esperientziak, bizipenak… elkartrukatu genituen.

Prozesu guzti honekin gure buruak betetzen joan dira, beste modu batean sortzen ikasi dugu, beste modu batean komunikatzen. Plastikaren inguruan genuen ikuspuntua zabaldu egin zaigu eta benetan aberasgarria izan da.

Esandako guztia praktikan jarriz, Mikel Laboaren proiektuan parte hartu dugu. Priektu honetan lan ezberdinak atera dira, plastikako hainbat arlo landuz: pintura, eskultura (bolumena), bideoak, argazkilaritza…

Orain arte ikasi dugun guztiak fruitua eman duela iruditzen zaigu. Eskaini diguten aukera honi ez dizkiogu ateak itxi nahi eta bideak jarraituko duela espero dugu.


MILA ESKER ESTITXU ETA TALDE OSOARI!

lunes, 31 de mayo de 2010



Gaurko klasean Mikel Laboaren proiektua amaitu dugu. Azkenean, hasieran genuen ideia aurrera eraman dugu, hau da, alanbre bidez Euskal Herriko forma irudikatu dugu. Horretaz gain, forma horren inguruan alanbre gehiago ezarri ditugu. Ondoren, Euskal Herriko forman zehar euskal kulturarekin lotura zuzena duten argazki ezberdinak ezarri ditugu.

Eskultura honen bidez Mikel Laboaren abestiek transmititzen dutena azaldu eta euskal kulturak dituen erlazio eta loturak islatu nahi genituen.

Hona hemen emaitza! Ea gustatzen zaizuen!

viernes, 14 de mayo de 2010

Maiatzak 14, ostirala

Gaurko saioaren hasieran, bideo batzuk ikusi ditugu: musika tresnak joaz grabatu genuen Mikel Laboaren bideoa, jada amaitu duten zenbait gelakideren teknografiak… Asko gustatu zaigu Mikel Laboaren kantua jotzen azaltzen garen bideoa, muntaia oso ondo ari da geratzen!!! Eta gelakideen teknografiak ere oso interesgarriak iruditu zaizkigu; gurearen antzik gabekoak, beste modu batera azaldutakoak… Bakoitzak bere era aurkitzen duelako azken batean. Eta polita da beste batzuen aurretiko bidea ezagutzea, nora goazen nola irudikatzen duten jakitea…

Ondoren denbora izan dugu Mikel Laboaren proiektuarekin loturiko lanean pentsatzeko. Ideia bat buruan dabilkigu (alanbrearekin Euskal Herriko forma duen eskultura bat sortu… hortik doa ideia) eta seguruenik hori bera eramango dugu aurrera. Kontatuko dizuegu!!

MARRAZKIAK AZTERTZEN




Marrazki honetan karabaketa prozesuan dagoela adierazten digu, hain zuzen ere karabaketa kontrolatuaren etapan (izena duen karabaketa). Etapa honetan karabatoei izena ematen hasten da haurra, bere pentsamoldea aldatuz. Marrazkiak jada intentzio batekin egiten dira, baina marraztutakoaren irudi zehatza zein izango den ez daki.
Egiten dituen mugimenduak, inguratzen duen munduarekin identifikatzen ditu. Marrazkian ikus daitekeen bezala, eta teoriarekin bat etorriz, marrak paper guztian zabaltzen ditu. Etapa honetan dauden haurrak egiten dituen karabatoak, pertsona helduarentzat zentsurik ez dutenak, esanahi erreal bat dute berarentzat.

miƩrcoles, 12 de mayo de 2010

Maiatzak 11, MUSIKOGRAMA EGITEN

Gaur musikograma egiten aritu gara. Guk ere, etorkizunean eskoletan erabiliko ditugun bezala, orain arte ikasgaian erabili gabeko materialak izan ditugu eskuartean: tenperak, pintzelak, brotxak, esponjak… makina bat tresna, Mikel Laboaren kanta entzun eta sentitzen genuena paper gris edo zurian islatzeko. Abstrakzioa izan da nagusi. “Ez nau izutzen negu urdinak…” kantuarekin egin dugu lehenik; ondoren, gelakide guztion marrazkiak pentagrama batean itsatsi ditugu. Hona hemen sortu dugun musika doinuaren emaitza!





Ondoren berdina egin dugu beste kantu batekin. Gure taldekoen kasuan, abstrakzioaren barruan erritmoa marrazteko joera izan dugu, bakoitzak bere erara, baina hori sumatzen zen. Gustura aritu gara eginkizunean!

martes, 11 de mayo de 2010

2010/05/04

Saio honetan kanta berdin baten bi bertsio desberdin jarri dizkigu Estitxuk. “Izarren hautsa” kanta oinarri hartuta, lehendabizi Mikel Laboak abestua entzun dugu; ondoren, Ken7 taldeak abestuta. Bertsio bakoitza entzuten genuen bitartean, orrialde zuri batean gure sentipen eta sentsazioak islatzen saiatu gara.

Egia esan, hasieran zail xamarra egin zaigu, ez genekien oso ondo nondik hasi, baina margoa eskuan hartu ondoren, nahigabeko koloreak atera dira orrian. Nahigabeko artelanak izan direla esango genuke; kantua entzunez bakoitzak sentitzen zuena paper batean. Gure kasuan, bi marrazkiak ez dira oso desberdinak izan. Egia da Ken7-k abestuta gehiago entzun dugula kantu hau, eta horrek ere zerikusia izango du.

Abestiekin uzten zaituztegu!

MIKEL LABOAK ABESTUA: http://www.youtube.com/watch?v=AnYnKrpZGqk

KEN7 TALDEAK ABESTUA: http://www.youtube.com/watch?v=tdk9RvX2zFU

lunes, 10 de mayo de 2010

2010/04/27 – 2010/04/30

Asteartean, Apirilaren 27an, berriro ere Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin aritu ziren solasean, baina tamalez ezin izan genuen bertan egon, beste ikasgai bateko tutoretza ordua baikenuen. Dena dela, ikaskideek solasaldiaren nondik norakoak kontatu dizkigute, eta aurrekoa baino aberasgarriagoa izan omen zen (Ideia gehiago trukatu omen ziren…). Izango ote da haiekin hitz egiteko beste aukerarik?


Ostiralean, aldiz, gure teknografiarekin aritu gara. Grabazio batzuk egin ditugu eta aurretik egina genuenari aldaketa txiki batzuk ere egin dizkiogu (letrak jarri, irudi gehiago jarri…). Pixkanaka badoa itxura hartzen!