lunes, 31 de mayo de 2010



Gaurko klasean Mikel Laboaren proiektua amaitu dugu. Azkenean, hasieran genuen ideia aurrera eraman dugu, hau da, alanbre bidez Euskal Herriko forma irudikatu dugu. Horretaz gain, forma horren inguruan alanbre gehiago ezarri ditugu. Ondoren, Euskal Herriko forman zehar euskal kulturarekin lotura zuzena duten argazki ezberdinak ezarri ditugu.

Eskultura honen bidez Mikel Laboaren abestiek transmititzen dutena azaldu eta euskal kulturak dituen erlazio eta loturak islatu nahi genituen.

Hona hemen emaitza! Ea gustatzen zaizuen!

viernes, 14 de mayo de 2010

Maiatzak 14, ostirala

Gaurko saioaren hasieran, bideo batzuk ikusi ditugu: musika tresnak joaz grabatu genuen Mikel Laboaren bideoa, jada amaitu duten zenbait gelakideren teknografiak… Asko gustatu zaigu Mikel Laboaren kantua jotzen azaltzen garen bideoa, muntaia oso ondo ari da geratzen!!! Eta gelakideen teknografiak ere oso interesgarriak iruditu zaizkigu; gurearen antzik gabekoak, beste modu batera azaldutakoak… Bakoitzak bere era aurkitzen duelako azken batean. Eta polita da beste batzuen aurretiko bidea ezagutzea, nora goazen nola irudikatzen duten jakitea…

Ondoren denbora izan dugu Mikel Laboaren proiektuarekin loturiko lanean pentsatzeko. Ideia bat buruan dabilkigu (alanbrearekin Euskal Herriko forma duen eskultura bat sortu… hortik doa ideia) eta seguruenik hori bera eramango dugu aurrera. Kontatuko dizuegu!!

MARRAZKIAK AZTERTZEN




Marrazki honetan karabaketa prozesuan dagoela adierazten digu, hain zuzen ere karabaketa kontrolatuaren etapan (izena duen karabaketa). Etapa honetan karabatoei izena ematen hasten da haurra, bere pentsamoldea aldatuz. Marrazkiak jada intentzio batekin egiten dira, baina marraztutakoaren irudi zehatza zein izango den ez daki.
Egiten dituen mugimenduak, inguratzen duen munduarekin identifikatzen ditu. Marrazkian ikus daitekeen bezala, eta teoriarekin bat etorriz, marrak paper guztian zabaltzen ditu. Etapa honetan dauden haurrak egiten dituen karabatoak, pertsona helduarentzat zentsurik ez dutenak, esanahi erreal bat dute berarentzat.

miércoles, 12 de mayo de 2010

Maiatzak 11, MUSIKOGRAMA EGITEN

Gaur musikograma egiten aritu gara. Guk ere, etorkizunean eskoletan erabiliko ditugun bezala, orain arte ikasgaian erabili gabeko materialak izan ditugu eskuartean: tenperak, pintzelak, brotxak, esponjak… makina bat tresna, Mikel Laboaren kanta entzun eta sentitzen genuena paper gris edo zurian islatzeko. Abstrakzioa izan da nagusi. “Ez nau izutzen negu urdinak…” kantuarekin egin dugu lehenik; ondoren, gelakide guztion marrazkiak pentagrama batean itsatsi ditugu. Hona hemen sortu dugun musika doinuaren emaitza!





Ondoren berdina egin dugu beste kantu batekin. Gure taldekoen kasuan, abstrakzioaren barruan erritmoa marrazteko joera izan dugu, bakoitzak bere erara, baina hori sumatzen zen. Gustura aritu gara eginkizunean!

martes, 11 de mayo de 2010

2010/05/04

Saio honetan kanta berdin baten bi bertsio desberdin jarri dizkigu Estitxuk. “Izarren hautsa” kanta oinarri hartuta, lehendabizi Mikel Laboak abestua entzun dugu; ondoren, Ken7 taldeak abestuta. Bertsio bakoitza entzuten genuen bitartean, orrialde zuri batean gure sentipen eta sentsazioak islatzen saiatu gara.

Egia esan, hasieran zail xamarra egin zaigu, ez genekien oso ondo nondik hasi, baina margoa eskuan hartu ondoren, nahigabeko koloreak atera dira orrian. Nahigabeko artelanak izan direla esango genuke; kantua entzunez bakoitzak sentitzen zuena paper batean. Gure kasuan, bi marrazkiak ez dira oso desberdinak izan. Egia da Ken7-k abestuta gehiago entzun dugula kantu hau, eta horrek ere zerikusia izango du.

Abestiekin uzten zaituztegu!

MIKEL LABOAK ABESTUA: http://www.youtube.com/watch?v=AnYnKrpZGqk

KEN7 TALDEAK ABESTUA: http://www.youtube.com/watch?v=tdk9RvX2zFU

lunes, 10 de mayo de 2010

2010/04/27 – 2010/04/30

Asteartean, Apirilaren 27an, berriro ere Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin aritu ziren solasean, baina tamalez ezin izan genuen bertan egon, beste ikasgai bateko tutoretza ordua baikenuen. Dena dela, ikaskideek solasaldiaren nondik norakoak kontatu dizkigute, eta aurrekoa baino aberasgarriagoa izan omen zen (Ideia gehiago trukatu omen ziren…). Izango ote da haiekin hitz egiteko beste aukerarik?


Ostiralean, aldiz, gure teknografiarekin aritu gara. Grabazio batzuk egin ditugu eta aurretik egina genuenari aldaketa txiki batzuk ere egin dizkiogu (letrak jarri, irudi gehiago jarri…). Pixkanaka badoa itxura hartzen!

VISUAL THINKING STRATEGIES

Klasean bideo batzuk ikusi genituen. Bertan haurrei artea erakusteko modu bat agertzen zen. Galderen bitartez elkarrizketa bat sortzen da irakasle eta ikasleen artean, artelanaren inguruan. Artearen inguruan mintzatzeko beste modu interesgarri bat iruditu zaigu taldekideoi. Orain arte plastika arloan ikusi dugunetik eta ohituarazi gaituztenetik desberdina. Baina, egiten al da hori gure eskoletan?
Hona hemen ikusi genuen bideoaren link-a. Anima zaitez ikustera!

http://vimeo.com/9677909

Teknografiarekin ere bagabiltza. Egia esan, nahiko buruhauste ematen ari zaigu!! Ideia asko datozkigu burura teknografiaren bigarren eta hirugarren zatiak egiteko, baina horiek praktikan jartzeko zailtasunak ditugu. Ea zer erabakitzen dugun azkenean…

martes, 4 de mayo de 2010

BARTZELONAKOEKIN SOLASALDIA (10-04-13)

Apirilaren 13an Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin solasaldia izateko aukera izan genuen skype bidez. Horretarako lehendik, eztabaida puntu batzuk landu genituen; blog batean, publikatu eta beraiek ere berdina egiten zuten.

Aste Santuetatik itzuli eta plastikako lehen klasea zenez, galdu xamar ibili ginela aitortu beharrean gaude. Bartzelonako ikasleek solasaldia oso ongi prestaturik zeukatela iruditu zitzaigun eta gazteleraz hitz egin beharrak eta lotsak eragina izan zuen partaidetzan.

Dena dela, zerbait berria, interesgarria eta aberasgarria iruditu zitzaigun ekintza bat izan zen. Iritziak trukatzeaz gain, kanpoko jendeak nola ikusten gaituzten jakiteko baliagarria izan zitzaigun. Beraz, beste urte batean egitea proposatzen dugu, aprobetxatu beharreko aukera baita.