sábado, 20 de febrero de 2010

NONDIK GATOZ? ostirala19

Kaixo lagunok!

Atzoko saioan guk egingo dugun teknografiarako baliagarriak suertatuko zaizkigun bi bideo ikusi genituen. Bideo hauek eredu gisa erabili ditzakegu.

Lehenengo bideoan protagonistak bizi izandako heziketaren ibilbidea ageri da; bigarrenean, aldiz, ikasle batzuk plastika eta sormenaren inguruan bizitako esperientzia kontatzen dute.

Ondoren, norberak etxetik ekarritako eskulanak behatu ditugu eta hauekin eta aurreko bi bideoekin gure bideorako ideiak zerrendatu ditugu.

jueves, 18 de febrero de 2010

NONDIK GATOZ?

Azken klasean (Otsailak 16), Plastika Adierazpenarekin ditugun ezagutzez konsziente izateko bi jarduera burutu genituen.

Lehenik eta behin, lehengo ikasturtean garapen psikomotorea ikasgaian egin genuen bezala, plastika arloarekin bizi izan ditugun esperientziak gogoratu eta paperean islatzen saiatu ginen, autobiografia bat osatuz. Hau ondoren osatuko dugun bideorako baliagarria suertatuko zaigu.

Ondoren, “El papel de la formación en las historias de vida del docente” artikulua irakurri genuen, bertako ideia nagusiak azpimarratuz. Testuak, aipatzen diren edukiekiko gogoeta egitera bultzatu gintuen.

Geroago, egindako jarduerei buruz gehiago sakonduko dugu.

¿QUÉ ESTÁ PASANDO?

Fernando Hernándezek, Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak, idatzitako artikulu honetan irakasleek jasotzen duten formakuntzari buruz mintzatzen zaigu. Gaur egun, haurren heziketa soilik irakasleen esku dagoela pentsatzen da; baina haurraren heziketan beste hainbat faktore eta pertsonek ere eragin nabarmena dute. Gurasoek azken finean, beren seme-alabek emaitza onak izatea eskatzen dute. Irakasleek duten erantzukizuna handia denez, hauen formakuntza ezinbestekoa iruditzen zaigu.

Formakuntza hori, ordea, modu ezberdinetan burutu daiteke. Testuan herrialde ezberdinetan egindako formakuntza programen berri ematen zaigu adibide gisa. Idazleak azpimarratzen duen kasuak, Finlandiako hezkuntza ereduari egiten dio erreferentzia.

Formakuntza saioak kasu askotan, derrigortua izaten dira; beste batzuetan, aldiz, aukera askekoak. Azken finean, aukera askeko programek emaitza hobeak izaten dituzte, irakasleak bere borondatez burutzen baitu, inork derrigortu gabe.

Formakuntza ez da irakasle izateko egindako ikasketetara mugatzen. Behin irakasle moduan lanean ari zarela ere, egunero formakuntza garatzen doa. Egoera eta taldearen arabera, prestakuntza alde batera edo bestera bideratuko da. Hezkuntza eta gizartea etengabe aldatzen doaz. Horri aurre egiteko lehendik dugun informazioa eguneratzea ezinbestekoa da. Jasotako formakuntza hori beste irakasleekin elkarjartzeko ere baliagarria suerta dakiguke, honela ezagutzak trukatuz.

Irakasle izango garen aldetik eta gure esperientzia abiapuntutzat hartuz, ikasketak burutzen ari garen bitartean praktikak duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Oinarri teoriko bat izatea beharrezkoa den arren, azken finean, praktika eta egoera errealak biziz ikasten dugu. Gure kasuan, praktikak azken bi kurtsoetan baino ez ditugu eta gainera, oso denbora laburrean. Gure ustez, praktikei garrantzi gehiago eman beharko litzaieke, ikasturte guztietan txertatuz eta denbora epe handiagoa eskainiz.

Unibertsitateko zenbait ikasgaietan, sarritan, teoria gehiegi uztartzen da eta praktika ahaztu egiten dela dirudi. Beste batzuetan aldiz, eskolarekin harreman zuzena duten jarduerak hartzen dira abiapuntutzat. Esate baterako, aurreko urtean, psikomotrizitate saioetan egindako ariketak oso baliagarri izan zitzaizkigun: eskolara joan, bertako psikomotrizitate saioak behatu, aztertu, komentatu eta elkarjartze bat egiten genuen. Kasu errealak irizpide harturik, ikasgaiari zegozkion edukiak barneratzen joan ginen. Gure ustez, hau izango litzateke ikaskuntza prozesua aurrera eramateko modurik egokiena.

Laburbilduz, gure ustez gure prestakuntza ez da amaitzen ikasketak bukatu eta titulua jasotzean. Formakuntza hortik haratago doa, etengabe garatu beharreko zerbait da. Bizitza osoan zehar gure ezagutzak zabalduz joango dira esperientzia, bizipen eta programa ezberdinen bidez.

¿MATAN LAS ESCUELAS LA CREATIVIDAD?


Oraingo honetan ikusitako bideo baten inguruan jardungo gara. Bideoan hezkuntza sistemaren funtzionamenduari kritika egiten zaio. Gaur egun, munduko edozein txokotan, ikasgaiek hierarkia bera dute. Goian matematika, hizkuntzak eta giza zientziak daude; beheran, aldiz, arteak. Artearen barnean ere hierarkia bat nabari da: plastika eta musikak estatus handiagoa dute eskolan, antzerkia eta dantzak baino.

Zergatik ez zaie irakasten haurrei egunero dantza egiten, matematikak bezala? Honek argi erakusten du, hezkuntza sistemak arlo intelektualari ematen diola lehentasuna. Honen helburu nagusia ikasleak unibertsitateko irakasle bihurtzea izan liteke. Kasu askotan, haurrak benetan nahi duena eta gustatzen zaiona egitea galarazten diegu. Gure ustez, irakasle izango garenez, ume bakoitzaren gustu eta interesak identifikatu eta ezagutu beharko genituzke, haur guztiak ezberdinak baitira.

Gaur egun, eskoletan, sormenari ez zaio behar adinako garrantzirik ematen. Edukiak oso finkoak dira eta ikasturtea horiek lantzera mugatzen da gehienbat. Sormena eta irudimena gehien lantzen den etapa Haur Hezkuntza bada ere, adinak aurrera egiten duen heinean bere kutsua eta lekua galtzen joaten dela iruditzen zaigu. Azken finean, ikaskuntza prozesua entsaio errorearen bidez burutzea egokia izango zela iruditzen zaigu, azken finean, akatsetatik ikasten baitugu. Hala ere, bizi garen gizartean, akatsak egitea gaizki ikusita dago; eta horrek, haurrak berezkoa duen kreatibitatea galtzera garamatza.

Ondorio bezala zera esan dezakegu: inteligentzia arloak garrantzitsuak dira, baina horregatik ez dira ahaztu behar kreatibitatea lantzea bideratzen duten arloak. Haurren nahiak asetzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, ikaskuntza prozesua esanguratsua izan dadin.

PLASTIKARI BURUZKO LEHEN INPRESIOAK

Kaixo lagunok!

Hementxe gaude gure blog berria estreinatzen. Plastikako lehen saioa izan ondoren ez genuen espero programaketa honelakoa izango zenik. Eskulanak, marrazkiak… egingo genituela uste genuen, baina guztiz harritu gaitu ikasgai honen egiturak. Baliabide nagusia ordenagailua eta bloga izango direnez, plastika arloaren inguruan gure ezagutzak zabaltzeaz gain, teknologia berriekin trebatzeko aukera ere eskaintzen zaigu. Hau oso garrantzitsua iruditzen zaigu; izan ere, teknologia berriek gero eta presentzia handiagoa dute gure gizartean, eta baita irakaskuntzan ere.

Pixkanaka, gure iritzi eta lanak hemen argitaratzen joango gara. Ea gustatzen zaizkizuen!