martes, 1 de junio de 2010

PLASTIKA IKASGAIAREN BALORAZIO OROKORRA

Konturatzerako iritsi da kurtso amaiera! Blogari azken ukituak emateko, ikasgaiaren inguruko azken hausnarketa idaztea pentsatu dugu, denboran atzera egin eta nondik abiatu ginen gogoratuz.

Aurkezpen egunean, apur bat nahastuta (egia esan erabat iparra galduta) ibili ginen. Ez genuen inondik inora espero ikasgaiaren edukiak honelakoak izango zirenik eta harritu egin ginen. Guk gehienbat eskulanak egingo genituela uste genuen, orain arte plastikan bizi izan duguna. Hala ere, plastikaren arloa asko zere zabalagoa dela konturatu gara.

Edukinetan apur bat sartzeko bi bideo ikusi genituen sormenaren inguruan. Behin bideo horiek oinarri hartuta lanean hasi ginen. Ez genekien oso ondo nondik jo, galduta genbiltzan. Baina lanean hasi ginen eta pixkanaka aurrera pausoak eman ditugu.
Gure lanak argitaratu eta klasean egindakoa kontatzeko blog hau sortu genuen. Guretzako eguneroko moduko bat izan da, eta ematen genuen aurrerapauso bakoitza hemen idazten saiatu gara, aurrekoarekin erlazionatuz.

Askotan pentsatu izan dugu plastika arloan dena praktikoa dela, baina ez da horrela. Oinarri teorikoa ere garrantzitsua da, zentzua ematen dio ikasgaiari.

Behin oinarri hau izanik, gure teknografiarekin hasteko gure bizitzan plastikarekin izan dugun kontaktua islatu genuen idatzizko autobiografia batean.

Teknografiarekin hasi ginenean gehienak ordenagailu inguruan aritzen ginen, genituen ideiak bideo batean bihurtu nahian. Ez zen lan erraza izan, baina azkenean bere fruitua eman du. Arlo hau ez da soilik ikasgela barrura mugatu, kanpora ere irten gara. Lehenik Koldo Mitxelenara joan ginen. Bertan artelan batzuk ikusi eta artelanen barruan murgiltzeko aukera izan genuen. Artelekun ere izan ginen eta oso interesgarria izan zen irtenaldia.

Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin elkarrizketa bat izateko aukera ere izan dugu. Bertan identitatearen inguruko hausnarketa egin ahal izan genuen; esperientziak, bizipenak… elkartrukatu genituen.

Prozesu guzti honekin gure buruak betetzen joan dira, beste modu batean sortzen ikasi dugu, beste modu batean komunikatzen. Plastikaren inguruan genuen ikuspuntua zabaldu egin zaigu eta benetan aberasgarria izan da.

Esandako guztia praktikan jarriz, Mikel Laboaren proiektuan parte hartu dugu. Priektu honetan lan ezberdinak atera dira, plastikako hainbat arlo landuz: pintura, eskultura (bolumena), bideoak, argazkilaritza…

Orain arte ikasi dugun guztiak fruitua eman duela iruditzen zaigu. Eskaini diguten aukera honi ez dizkiogu ateak itxi nahi eta bideak jarraituko duela espero dugu.


MILA ESKER ESTITXU ETA TALDE OSOARI!

lunes, 31 de mayo de 2010



Gaurko klasean Mikel Laboaren proiektua amaitu dugu. Azkenean, hasieran genuen ideia aurrera eraman dugu, hau da, alanbre bidez Euskal Herriko forma irudikatu dugu. Horretaz gain, forma horren inguruan alanbre gehiago ezarri ditugu. Ondoren, Euskal Herriko forman zehar euskal kulturarekin lotura zuzena duten argazki ezberdinak ezarri ditugu.

Eskultura honen bidez Mikel Laboaren abestiek transmititzen dutena azaldu eta euskal kulturak dituen erlazio eta loturak islatu nahi genituen.

Hona hemen emaitza! Ea gustatzen zaizuen!

viernes, 14 de mayo de 2010

Maiatzak 14, ostirala

Gaurko saioaren hasieran, bideo batzuk ikusi ditugu: musika tresnak joaz grabatu genuen Mikel Laboaren bideoa, jada amaitu duten zenbait gelakideren teknografiak… Asko gustatu zaigu Mikel Laboaren kantua jotzen azaltzen garen bideoa, muntaia oso ondo ari da geratzen!!! Eta gelakideen teknografiak ere oso interesgarriak iruditu zaizkigu; gurearen antzik gabekoak, beste modu batera azaldutakoak… Bakoitzak bere era aurkitzen duelako azken batean. Eta polita da beste batzuen aurretiko bidea ezagutzea, nora goazen nola irudikatzen duten jakitea…

Ondoren denbora izan dugu Mikel Laboaren proiektuarekin loturiko lanean pentsatzeko. Ideia bat buruan dabilkigu (alanbrearekin Euskal Herriko forma duen eskultura bat sortu… hortik doa ideia) eta seguruenik hori bera eramango dugu aurrera. Kontatuko dizuegu!!

MARRAZKIAK AZTERTZEN




Marrazki honetan karabaketa prozesuan dagoela adierazten digu, hain zuzen ere karabaketa kontrolatuaren etapan (izena duen karabaketa). Etapa honetan karabatoei izena ematen hasten da haurra, bere pentsamoldea aldatuz. Marrazkiak jada intentzio batekin egiten dira, baina marraztutakoaren irudi zehatza zein izango den ez daki.
Egiten dituen mugimenduak, inguratzen duen munduarekin identifikatzen ditu. Marrazkian ikus daitekeen bezala, eta teoriarekin bat etorriz, marrak paper guztian zabaltzen ditu. Etapa honetan dauden haurrak egiten dituen karabatoak, pertsona helduarentzat zentsurik ez dutenak, esanahi erreal bat dute berarentzat.

miércoles, 12 de mayo de 2010

Maiatzak 11, MUSIKOGRAMA EGITEN

Gaur musikograma egiten aritu gara. Guk ere, etorkizunean eskoletan erabiliko ditugun bezala, orain arte ikasgaian erabili gabeko materialak izan ditugu eskuartean: tenperak, pintzelak, brotxak, esponjak… makina bat tresna, Mikel Laboaren kanta entzun eta sentitzen genuena paper gris edo zurian islatzeko. Abstrakzioa izan da nagusi. “Ez nau izutzen negu urdinak…” kantuarekin egin dugu lehenik; ondoren, gelakide guztion marrazkiak pentagrama batean itsatsi ditugu. Hona hemen sortu dugun musika doinuaren emaitza!





Ondoren berdina egin dugu beste kantu batekin. Gure taldekoen kasuan, abstrakzioaren barruan erritmoa marrazteko joera izan dugu, bakoitzak bere erara, baina hori sumatzen zen. Gustura aritu gara eginkizunean!

martes, 11 de mayo de 2010

2010/05/04

Saio honetan kanta berdin baten bi bertsio desberdin jarri dizkigu Estitxuk. “Izarren hautsa” kanta oinarri hartuta, lehendabizi Mikel Laboak abestua entzun dugu; ondoren, Ken7 taldeak abestuta. Bertsio bakoitza entzuten genuen bitartean, orrialde zuri batean gure sentipen eta sentsazioak islatzen saiatu gara.

Egia esan, hasieran zail xamarra egin zaigu, ez genekien oso ondo nondik hasi, baina margoa eskuan hartu ondoren, nahigabeko koloreak atera dira orrian. Nahigabeko artelanak izan direla esango genuke; kantua entzunez bakoitzak sentitzen zuena paper batean. Gure kasuan, bi marrazkiak ez dira oso desberdinak izan. Egia da Ken7-k abestuta gehiago entzun dugula kantu hau, eta horrek ere zerikusia izango du.

Abestiekin uzten zaituztegu!

MIKEL LABOAK ABESTUA: http://www.youtube.com/watch?v=AnYnKrpZGqk

KEN7 TALDEAK ABESTUA: http://www.youtube.com/watch?v=tdk9RvX2zFU

lunes, 10 de mayo de 2010

2010/04/27 – 2010/04/30

Asteartean, Apirilaren 27an, berriro ere Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin aritu ziren solasean, baina tamalez ezin izan genuen bertan egon, beste ikasgai bateko tutoretza ordua baikenuen. Dena dela, ikaskideek solasaldiaren nondik norakoak kontatu dizkigute, eta aurrekoa baino aberasgarriagoa izan omen zen (Ideia gehiago trukatu omen ziren…). Izango ote da haiekin hitz egiteko beste aukerarik?


Ostiralean, aldiz, gure teknografiarekin aritu gara. Grabazio batzuk egin ditugu eta aurretik egina genuenari aldaketa txiki batzuk ere egin dizkiogu (letrak jarri, irudi gehiago jarri…). Pixkanaka badoa itxura hartzen!

VISUAL THINKING STRATEGIES

Klasean bideo batzuk ikusi genituen. Bertan haurrei artea erakusteko modu bat agertzen zen. Galderen bitartez elkarrizketa bat sortzen da irakasle eta ikasleen artean, artelanaren inguruan. Artearen inguruan mintzatzeko beste modu interesgarri bat iruditu zaigu taldekideoi. Orain arte plastika arloan ikusi dugunetik eta ohituarazi gaituztenetik desberdina. Baina, egiten al da hori gure eskoletan?
Hona hemen ikusi genuen bideoaren link-a. Anima zaitez ikustera!

http://vimeo.com/9677909

Teknografiarekin ere bagabiltza. Egia esan, nahiko buruhauste ematen ari zaigu!! Ideia asko datozkigu burura teknografiaren bigarren eta hirugarren zatiak egiteko, baina horiek praktikan jartzeko zailtasunak ditugu. Ea zer erabakitzen dugun azkenean…

martes, 4 de mayo de 2010

BARTZELONAKOEKIN SOLASALDIA (10-04-13)

Apirilaren 13an Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin solasaldia izateko aukera izan genuen skype bidez. Horretarako lehendik, eztabaida puntu batzuk landu genituen; blog batean, publikatu eta beraiek ere berdina egiten zuten.

Aste Santuetatik itzuli eta plastikako lehen klasea zenez, galdu xamar ibili ginela aitortu beharrean gaude. Bartzelonako ikasleek solasaldia oso ongi prestaturik zeukatela iruditu zitzaigun eta gazteleraz hitz egin beharrak eta lotsak eragina izan zuen partaidetzan.

Dena dela, zerbait berria, interesgarria eta aberasgarria iruditu zitzaigun ekintza bat izan zen. Iritziak trukatzeaz gain, kanpoko jendeak nola ikusten gaituzten jakiteko baliagarria izan zitzaigun. Beraz, beste urte batean egitea proposatzen dugu, aprobetxatu beharreko aukera baita.

martes, 23 de marzo de 2010

ARTE GARAIKIDEA

New Yorkeko arte garaikideko museo bat ageri den bideo bat aurkitu dugu, zenbait artelan oso bitziak iruditu zaizkigu. Ea gustatzen zaizuen!!!

miércoles, 17 de marzo de 2010

ARTELEKURA BISITA

Martxoaren 12an Loiola auzoan dagoen Arteleku museora joan ginen. Behin hara iritsita, hango langileetako batek museoaren nondik norakoak azaldu zizkigun, eta museoan barrena ibili ginen bertan eskaintzen dituzten baliabide eta txokoak ezagutzen: dantza aretoa, artistek lan egiten duten gelatxoak, tailer ezberdinen lekuak... museoak eskaintzen eta dituen espazio desberdinak alegia. Artista bat baino gehiago beraien lanean murgilduta ikusteko parada ere izan genuen, eta horrek aberastu egiten du bisita bat.

Ondoren bertan dagoen liburutegira joan ginen. Bertan zeregin bat genuen: hautatutako gai baten inguruan liburuak aurkitu, eta Haur Hezkuntzan lantzeko ideiaren bat eskuratzen saiatzea. Gure gaia argazkilaritza da, eta egia esan, nahiko galdurik ibili ginen. Hainbeste libururen artean, “zer egin genezake?” galderari erantzutea zaila egin zitzaigun, eta ideia argirik gabe atera ginen. Liburu mordoa, argazki asko… baina galduta. Hala ere, Gabriel Ebasilico idazlearen Scatterer city liburua hartu, eta haur hezkuntzan lan daitekeen zerbait bururatu zitzaigun: haurren herrian barrena irtenalditxo bat eginez, eraikin desberdinei, bakoitzak bere etxeari… argazkiak atera diezaieke. Horrela, beraien herria gehiago ezagutzeaz gain etxebizitzen gaia ere landuko litzateke, itxurari erreparatuz bataren eta bestearen arteko desberdintasunak eztabaidatzeko aukera ematen du…

Baina, esan bezala, zaila iruditu zaigun zeregina izan zen.

jueves, 11 de marzo de 2010

2010eko martxoaren 9a

Saio honetan, hasteko, bi bideo ikusi ditugu. Bi bideoetan artea eta plastika lantzeko modu ezberdinak eta interesgarriak ikusi genituen. Lehenengo bideoan, Richard Serraren lan batean oinarrituz, praktiketan zegoen ikasle batek Haur Hezkuntzako 5 urteko gela baten proiektu bat aurrera eraman zuen. Oso proiektu desberdina eta interesgarria iruditu zaigu. Plastika arloa eskulanetatik eta margoketatik harago darama. Haurrak oso gustura aritu ziren. Tamalez, proiektu hau denbora oso laburrean landu zen, besteak beste, espazio eta irakaslearen denbora faltagatik.


Beste bideoan, Zarauzko eskola batean praktiketan zegoen beste ikasle batek egindako jarduera ageri da. Ostiral arratsalde batean eguraldi ona zegoela aprobetxatuz, Zarauzko hondartzara joan ziren Getari margotzera. Bakoitzak paperean islatu zuen ikusten zuena. Jarduera hau oso interesgarria iruditu zaigu. Gainera, bat-batean sortutako ideia bat izan zen eta ez du aurre prestakuntzarik behar. Hemen argi ikusi dugu, plastika egiteko inguruneaz baliatu gaitezkeela, ez dugula aparteko materialik behar, gogoa eta gauza berriak egiteko grina baino ez.


Behin bideoak ikusita, gure bideoarekin jarraitu genuen. Argazkiak ordenagailura pasatzeko arazoak izan genituen, beraz ezin izan genuen gauza handiegirik egin. Hala ere, bideoa egiteko erabiliko dugun programarekin, Movie Maker, saiakera ezberdinak egin genituen bideo eta argazki ezberdinekin.

KOLDO MITXELENA MUSEOA

Saio honetan Koldo Mitxelenako erakusketara joan gara. Hasieran, bertako gidak, areto nagusira eraman gintuen eta bertan zenbait ezagutza teorikoren berri eman zigun. Gida Koldo Mitxelena erakusketako koordinatzaile pedagogikoa zen. Bera arduratzen da haurrentzako nahiz helduentzako bisita gidatuak eta jarduera ezberdinak antolatzeaz. Horretaz gain, etorkizunean baliagarriak suerta dakizkigun web guneko helbideen berri eman zigun. Web gune horietan museo bakoitzean haurrentzako prestaturik dauden jarduera eta bisita gidatuen berri ematen zaigu. Tamalez, Haur hezkuntzako haurrentzako ez dago museo eskaintza handirik, gehienak Lehen Hezkuntzatik aurrerako pertsonentzat daude prestaturik. Esate baterako, Koldo Mitxelena museoa 11 urtetik gorakoentzako prestaturik dago.


Ondoren, erakusketara bideratu gintuen. Bertan bi artisten lanak ikusi genituen: Daniel Canogar eta Stephen Dean. Beraien arte lanetan kolorea eta mugimenduari ematen zieten garrantzi gehien. Taldeko bi margoketan arituak gara, baina gure margoketaren ikuspuntua beti paperera, lientzora, pintzeletara, margoetara… mugatu da. Berak material oso desberdinak erabiltzen zituen (kristalak, kablea, birziklatutako materialak…) koloreak islatzeko eta horrek bereziki harritu gintuen. Hori artearekin erlazionatzea zaila egin zitzaigun. Hala ere, gidaren azalpenak oso baliagarri izan zitzaizkigun. Argi eta garbi ikusi genuen, lehendik bagenekien arren, artearen inguruan oso gutxi dakigula eta gure heziketa oso mugatua izan dela.


Museo honek artearen beste ikuspuntu batzuk erakutsi dizkigu. Gainera, material ezberdinekin artea egin daitekeela berriz ere ikusi ahal izan dugu. Guk ere berdina egin beharko genuke haurrekin!

2010eko martxoaren 2a

Saio hau bi zatitan banatu genuen: lehenengo eta behin, artikuluen inguruan jardun ginen; ondoren, aldiz, gure bideoa sortzeko lehen urratsak eman genituen.

Hasteko aurretik irakurritako artikuluak komentatu genituen taldeka. Ondoren, gela osoaren artean komentatu genituen. Honela, hainbat ondorio atera genituen:

- Plastika askotan eskulanekin lotzen dugu, baina funtsean horretatik haratago doa.
- Material ezberdinen bidez haurraren nahiak adierazten saiatuko ginateke.
- Jarduerak ez genizkieke hainbeste zuzenduko, nahiz eta batzuetan beharrezkoa izan.
- Artea errealitatearekin gehiago lotu beharko genuke.
- Plastika modu ezberdinetan landu daiteke. Nahiz eta irakaslearentzako lan gehiago suposatu.

Bigarren zatian, bideoarekin hasteko edo jarraitzeko denbora izan genuen. Egia esan, ideia ugari dauzkagu; baina ez dakigu horiek bideoan nola islatu, beraz, nahiko buruhauste ematen ari zaigu. Ea pixkanaka aurreratzen dugun!

lunes, 1 de marzo de 2010

LEGEDIA ETA IRADOKIZUNAK

Kaixo lagunok!


Berriro ere hemen gaude artikulu batzuk irakurri ostean, galdera batzuei erantzuteko prest.


Lehenengo artikuluan hezkuntza artistikoa eta ikus-kulturalaren eboluzio historikoa agertzen da, hiru etapa ezberdinetan banatuta: LGE, LOGSE, eta LOE. Honekin lotuta, guk zein garaiko eraginak jaso genituen pentsaraztea izan da lehen lana. Taldekideon esperientziak kontuan hartuta, lehen bi etapetako eragina izan dugu gehienbat gure ikasketa prozesuan.


Lehenengo etapa hizpide hartuta (LGE-Ley General de Educación, 1970), adierazmen kreatiboa eta adierazmen librea zertxobait landu genuela uste dugu: ez genuen marrazketa soilik egiten, material ezberdinak eskura jarri zizkigutenez, teknika ugari barneratu genituen adierazmen librea eta naturala bultzatzeko helburuarekin. Ariketa desberdinen bidez kolorearen teoria landu genuen, egunkari eta aldizkarietatik zatiak hartuz collage moduak egin genituen, kartelak (eskolako arauak adieraziz, ekintzen berri emanez), eta buztinarekin ere jardun genuen zenbaitetan.


Bigarren etapan, LOGSE-Ley de Ordenación General del Sistema Educativo (1990), berriz, ikus-entzunezkoen eragina nabarmena izan zitzaigulakoan gaude. Zenbait taldekideren kasuan telebistak garrantzia handia izan zuen, eta ariketa desberdin asko burutu zituzten, hala nola, zenbait eszenen bikoizketak, beraiek asmatutako telebista saioak, albistegiak… Bestetik, Haur Hezkuntzan telebistaren erabilpena ere handia izan zen: bideoak sarritan erabiltzen ziren baliabide gisa.


Gure hezkuntza historian landu ez genituen plastikako beste zenbait eginkizun zeintzuk izan daitezkeen pentsatzea eta proposatzea izan da bigarren lana.


Plastika arloa oso zabala izan daitekeela pentsatzen dugu. Ez da soilik paper eta margoetara mugatzen, irudimena martxan jartzen bada gauza ezberdin asko sortu daitezke. Gure plastikako ikaskuntza, orokorrean, nahiko gidatua izan dela uste dugu, gure interesak eta nahiak azaleratzea ukatu zaigu hein batean. Hori dela eta, esperimentatzeko eta espresatzeko eskubidea kendu zaigu. Horregatik, guk beste gauza batzuk ere landuko genituzke, hala nola:


Ariketa batzuk gidatuak izan daitezke, baina ikasleak nahi duena irudika dezan denbora nahikoa ere eskaintzea egokia iruditzen zaigu.

Material eta baliabide ezberdinak eskainiko genituzke, esperimenta dezaten utziz. Gehien gustatzen zaiena zer den jakingo dute horrela. Plastika hain errepikakorra ez izatea.


Haur eta ikasleek proposatutako eginkizun eta eskulanak burutzea. Guk ez dugu izan horretarako aukerarik eta ikaslearentzat motibagarria izan daiteke.

Zentzumen ezberdinak erabiltzea.


Azken finean, artea errealitatea interpretatzeko modu bat dugu eta gure esku egongo da hori erakargarri bihurtzea.

sábado, 20 de febrero de 2010

NONDIK GATOZ? ostirala19

Kaixo lagunok!

Atzoko saioan guk egingo dugun teknografiarako baliagarriak suertatuko zaizkigun bi bideo ikusi genituen. Bideo hauek eredu gisa erabili ditzakegu.

Lehenengo bideoan protagonistak bizi izandako heziketaren ibilbidea ageri da; bigarrenean, aldiz, ikasle batzuk plastika eta sormenaren inguruan bizitako esperientzia kontatzen dute.

Ondoren, norberak etxetik ekarritako eskulanak behatu ditugu eta hauekin eta aurreko bi bideoekin gure bideorako ideiak zerrendatu ditugu.

jueves, 18 de febrero de 2010

NONDIK GATOZ?

Azken klasean (Otsailak 16), Plastika Adierazpenarekin ditugun ezagutzez konsziente izateko bi jarduera burutu genituen.

Lehenik eta behin, lehengo ikasturtean garapen psikomotorea ikasgaian egin genuen bezala, plastika arloarekin bizi izan ditugun esperientziak gogoratu eta paperean islatzen saiatu ginen, autobiografia bat osatuz. Hau ondoren osatuko dugun bideorako baliagarria suertatuko zaigu.

Ondoren, “El papel de la formación en las historias de vida del docente” artikulua irakurri genuen, bertako ideia nagusiak azpimarratuz. Testuak, aipatzen diren edukiekiko gogoeta egitera bultzatu gintuen.

Geroago, egindako jarduerei buruz gehiago sakonduko dugu.

¿QUÉ ESTÁ PASANDO?

Fernando Hernándezek, Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak, idatzitako artikulu honetan irakasleek jasotzen duten formakuntzari buruz mintzatzen zaigu. Gaur egun, haurren heziketa soilik irakasleen esku dagoela pentsatzen da; baina haurraren heziketan beste hainbat faktore eta pertsonek ere eragin nabarmena dute. Gurasoek azken finean, beren seme-alabek emaitza onak izatea eskatzen dute. Irakasleek duten erantzukizuna handia denez, hauen formakuntza ezinbestekoa iruditzen zaigu.

Formakuntza hori, ordea, modu ezberdinetan burutu daiteke. Testuan herrialde ezberdinetan egindako formakuntza programen berri ematen zaigu adibide gisa. Idazleak azpimarratzen duen kasuak, Finlandiako hezkuntza ereduari egiten dio erreferentzia.

Formakuntza saioak kasu askotan, derrigortua izaten dira; beste batzuetan, aldiz, aukera askekoak. Azken finean, aukera askeko programek emaitza hobeak izaten dituzte, irakasleak bere borondatez burutzen baitu, inork derrigortu gabe.

Formakuntza ez da irakasle izateko egindako ikasketetara mugatzen. Behin irakasle moduan lanean ari zarela ere, egunero formakuntza garatzen doa. Egoera eta taldearen arabera, prestakuntza alde batera edo bestera bideratuko da. Hezkuntza eta gizartea etengabe aldatzen doaz. Horri aurre egiteko lehendik dugun informazioa eguneratzea ezinbestekoa da. Jasotako formakuntza hori beste irakasleekin elkarjartzeko ere baliagarria suerta dakiguke, honela ezagutzak trukatuz.

Irakasle izango garen aldetik eta gure esperientzia abiapuntutzat hartuz, ikasketak burutzen ari garen bitartean praktikak duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Oinarri teoriko bat izatea beharrezkoa den arren, azken finean, praktika eta egoera errealak biziz ikasten dugu. Gure kasuan, praktikak azken bi kurtsoetan baino ez ditugu eta gainera, oso denbora laburrean. Gure ustez, praktikei garrantzi gehiago eman beharko litzaieke, ikasturte guztietan txertatuz eta denbora epe handiagoa eskainiz.

Unibertsitateko zenbait ikasgaietan, sarritan, teoria gehiegi uztartzen da eta praktika ahaztu egiten dela dirudi. Beste batzuetan aldiz, eskolarekin harreman zuzena duten jarduerak hartzen dira abiapuntutzat. Esate baterako, aurreko urtean, psikomotrizitate saioetan egindako ariketak oso baliagarri izan zitzaizkigun: eskolara joan, bertako psikomotrizitate saioak behatu, aztertu, komentatu eta elkarjartze bat egiten genuen. Kasu errealak irizpide harturik, ikasgaiari zegozkion edukiak barneratzen joan ginen. Gure ustez, hau izango litzateke ikaskuntza prozesua aurrera eramateko modurik egokiena.

Laburbilduz, gure ustez gure prestakuntza ez da amaitzen ikasketak bukatu eta titulua jasotzean. Formakuntza hortik haratago doa, etengabe garatu beharreko zerbait da. Bizitza osoan zehar gure ezagutzak zabalduz joango dira esperientzia, bizipen eta programa ezberdinen bidez.

¿MATAN LAS ESCUELAS LA CREATIVIDAD?


Oraingo honetan ikusitako bideo baten inguruan jardungo gara. Bideoan hezkuntza sistemaren funtzionamenduari kritika egiten zaio. Gaur egun, munduko edozein txokotan, ikasgaiek hierarkia bera dute. Goian matematika, hizkuntzak eta giza zientziak daude; beheran, aldiz, arteak. Artearen barnean ere hierarkia bat nabari da: plastika eta musikak estatus handiagoa dute eskolan, antzerkia eta dantzak baino.

Zergatik ez zaie irakasten haurrei egunero dantza egiten, matematikak bezala? Honek argi erakusten du, hezkuntza sistemak arlo intelektualari ematen diola lehentasuna. Honen helburu nagusia ikasleak unibertsitateko irakasle bihurtzea izan liteke. Kasu askotan, haurrak benetan nahi duena eta gustatzen zaiona egitea galarazten diegu. Gure ustez, irakasle izango garenez, ume bakoitzaren gustu eta interesak identifikatu eta ezagutu beharko genituzke, haur guztiak ezberdinak baitira.

Gaur egun, eskoletan, sormenari ez zaio behar adinako garrantzirik ematen. Edukiak oso finkoak dira eta ikasturtea horiek lantzera mugatzen da gehienbat. Sormena eta irudimena gehien lantzen den etapa Haur Hezkuntza bada ere, adinak aurrera egiten duen heinean bere kutsua eta lekua galtzen joaten dela iruditzen zaigu. Azken finean, ikaskuntza prozesua entsaio errorearen bidez burutzea egokia izango zela iruditzen zaigu, azken finean, akatsetatik ikasten baitugu. Hala ere, bizi garen gizartean, akatsak egitea gaizki ikusita dago; eta horrek, haurrak berezkoa duen kreatibitatea galtzera garamatza.

Ondorio bezala zera esan dezakegu: inteligentzia arloak garrantzitsuak dira, baina horregatik ez dira ahaztu behar kreatibitatea lantzea bideratzen duten arloak. Haurren nahiak asetzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, ikaskuntza prozesua esanguratsua izan dadin.

PLASTIKARI BURUZKO LEHEN INPRESIOAK

Kaixo lagunok!

Hementxe gaude gure blog berria estreinatzen. Plastikako lehen saioa izan ondoren ez genuen espero programaketa honelakoa izango zenik. Eskulanak, marrazkiak… egingo genituela uste genuen, baina guztiz harritu gaitu ikasgai honen egiturak. Baliabide nagusia ordenagailua eta bloga izango direnez, plastika arloaren inguruan gure ezagutzak zabaltzeaz gain, teknologia berriekin trebatzeko aukera ere eskaintzen zaigu. Hau oso garrantzitsua iruditzen zaigu; izan ere, teknologia berriek gero eta presentzia handiagoa dute gure gizartean, eta baita irakaskuntzan ere.

Pixkanaka, gure iritzi eta lanak hemen argitaratzen joango gara. Ea gustatzen zaizkizuen!