Kaixo lagunok!
Berriro ere hemen gaude artikulu batzuk irakurri ostean, galdera batzuei erantzuteko prest.
Lehenengo artikuluan hezkuntza artistikoa eta ikus-kulturalaren eboluzio historikoa agertzen da, hiru etapa ezberdinetan banatuta: LGE, LOGSE, eta LOE. Honekin lotuta, guk zein garaiko eraginak jaso genituen pentsaraztea izan da lehen lana. Taldekideon esperientziak kontuan hartuta, lehen bi etapetako eragina izan dugu gehienbat gure ikasketa prozesuan.
Lehenengo etapa hizpide hartuta (LGE-Ley General de Educación, 1970), adierazmen kreatiboa eta adierazmen librea zertxobait landu genuela uste dugu: ez genuen marrazketa soilik egiten, material ezberdinak eskura jarri zizkigutenez, teknika ugari barneratu genituen adierazmen librea eta naturala bultzatzeko helburuarekin. Ariketa desberdinen bidez kolorearen teoria landu genuen, egunkari eta aldizkarietatik zatiak hartuz collage moduak egin genituen, kartelak (eskolako arauak adieraziz, ekintzen berri emanez), eta buztinarekin ere jardun genuen zenbaitetan.
Bigarren etapan, LOGSE-Ley de Ordenación General del Sistema Educativo (1990), berriz, ikus-entzunezkoen eragina nabarmena izan zitzaigulakoan gaude. Zenbait taldekideren kasuan telebistak garrantzia handia izan zuen, eta ariketa desberdin asko burutu zituzten, hala nola, zenbait eszenen bikoizketak, beraiek asmatutako telebista saioak, albistegiak… Bestetik, Haur Hezkuntzan telebistaren erabilpena ere handia izan zen: bideoak sarritan erabiltzen ziren baliabide gisa.
Gure hezkuntza historian landu ez genituen plastikako beste zenbait eginkizun zeintzuk izan daitezkeen pentsatzea eta proposatzea izan da bigarren lana.
Plastika arloa oso zabala izan daitekeela pentsatzen dugu. Ez da soilik paper eta margoetara mugatzen, irudimena martxan jartzen bada gauza ezberdin asko sortu daitezke. Gure plastikako ikaskuntza, orokorrean, nahiko gidatua izan dela uste dugu, gure interesak eta nahiak azaleratzea ukatu zaigu hein batean. Hori dela eta, esperimentatzeko eta espresatzeko eskubidea kendu zaigu. Horregatik, guk beste gauza batzuk ere landuko genituzke, hala nola:
Ariketa batzuk gidatuak izan daitezke, baina ikasleak nahi duena irudika dezan denbora nahikoa ere eskaintzea egokia iruditzen zaigu.
Material eta baliabide ezberdinak eskainiko genituzke, esperimenta dezaten utziz. Gehien gustatzen zaiena zer den jakingo dute horrela. Plastika hain errepikakorra ez izatea.
Haur eta ikasleek proposatutako eginkizun eta eskulanak burutzea. Guk ez dugu izan horretarako aukerarik eta ikaslearentzat motibagarria izan daiteke.
Zentzumen ezberdinak erabiltzea.
Azken finean, artea errealitatea interpretatzeko modu bat dugu eta gure esku egongo da hori erakargarri bihurtzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario